2016/06 Urte junta bat tokiko bizian

Gure hautetsi kargu denboran ezin ahantzizko gisan markatzekoak diren bi data ditugu: bata Hazketako hondakindegiaren hestearena eta bestea HELEP bakarraren aldeko bozkarena.

2016 ko maiatzaren 29an, 20 urte luzeen buruan, Hazketa hetsiko da. Eremuaren doblatzeko proiektua bertan bera gelditzen da eta 30 urtetako garbiketa lanen fasea abiatzen da.

Herritarrekin taldeko hautetsiek hainbeste urtez borroka etengabe eraman duten Hazketa 2010 elkartekoen dudekin bat egiten dute. Tokiko hautetsi guziengain da orain gunearen garbiketa fasearen antolatzea eta kudeatzea  ; bere interes pertsonalek aitzinarazi duten enpresak lekutu behar du, hunek zer desmasiak ekarri dituen dakigularik. Garbiketaren zaintzeko kontrola batzordea eraikitzerakoan, tokiko eragileek eta partikulazki Hazketa elkartekoek toki garrantzitsua izan behar dute  : alabainan, elkarteko kideek, borrokaren luze hortan, konpetentzia arraroa lortu dute ondarkinen kudeaketaren ezagutzan eta gaizki egiteetaz ohartzeko eta alarma xilintxa jotzeko eragile hoberik ez dugula frogatu daukute.

Horiek hola, Hazketa 2010 elkartearen ondoan eta hazpandarren artean izanen gira garaipen honen ospatzeko eta segituko duen borroka luzean parte hartzeko.

 

2017ko Urtarrilaren 1ean, Iparraldeak instituzio bat ukanen du lehen aldikoz, azkenian!  Lerro hauek idazteko tenorean, Ipar Euskal Herriko herri guziek ez dute oraindik herri elkargo bakarrari buruz bozkatu bainan jadanik badakigu heldu den urtarrilaren 1ean eginen dela. Alabainan, bete behar diren bi baldintzak beteak dira orain: herrien erdia baino gehiago, biztanleen erdia baino gehiago ordezkatzen dutenak, prefetak proposatu duen herri elkargo berri horren alde agertu dira.

Memento historikoa da, dudarik gabe! Parada ezin huts egina zen, eta Hazparneko herri kontseiluak egin duen bozkaz pozten ahal gira, joan den apirilaren 7an, proiektuaren alde bozkatu baitugu aho batez!

2017ko urtarrilaren 1ean, beraz, gaurko 10 hirigune eta herri elkargoak, Hazparneko Lurraldea Herri Elkargoa barne, bateratuak izanen dira Hirigune elkargo bakar baten sortzeko. Hirigune elkargo horrek Iparraldeko 158 herriak batuko ditu eta 300 000ko biztanleria ukanen du. Arlo ainitzetan lan eginen du: garapen ekonomikoa, lurralde antolaketa, garraioak, hizkuntza politika, … Arlo guzi horietan, lurralde osoaren ikuspegiarekin eta koherentziarekin eramaiten ahalko dira proiektuak, Kostaldearen eta Barnekaldearen arteko oreka eta elkartasuna zainduz. Izpiritu horrekin dute hautetsiek lan egin beharko: lurralde osoaren eta bere biztanle guzien zerbitzuko.

Izan ere, Euskal Herri Elkargoaren sortzea ez da bukaera bat, hastapen bat baizik: dena egiteko da!